26 diciembre 2024
spot_img
26 diciembre 2024

Nola erredaktatu albiste bat

Albistea pertsona askoren gaineko eragina duen gaurkotasunezko gertaera berria da, hots, interes orokorrekoa.

Kazetaritzako informazio-generorik bereizgarriena da, kazetaritzaren oinarria. Irakurleari egiazko informazioa ahalik eta modurik objektiboenean ematea da albistearen helburua.

Kazetariak modu neutroan egiaztatutako gertaerak azaldu behar ditu, bere iritzi edo interpretazio pertsonala sartu gabe. Irakurleari dagokio gertaeren gaineko iritzi propioa osatzea.

Zenbait albiste-mota bereiz daitezke. Gertaera garrantzitsuak publiko osoaren intereseko albiste globalak izango lirateke. Adibidez, George Floyd gazte afroamerikarraren hilketaren ondorioz Estatu Batuetan zehar zabaldu ziren arrazismoaren aurkako protestak. Bestetik, gertuko edo bertako albisteak daude, irakurlearen inplikazioa eta erantzuna eragiten duten hurbileko gertaeren gainekoak; esaterako, turismoaren eragina hirian. Era berean, albiste orokorretatik bereizi behar dira albiste espezializatuak, ezagutzaren esparru jakin bati lotutakoak; adibidez, ekonomiaren ingurukoak, kirol arlokoak edo kulturari lotutakoak. 

Egitura

Albistearen hasieran, oinarrizko datuak sartu behar dira 6Wen arauari jarraiki: zer, nork, noiz, non, nola eta zergatik. Batzuetan sei galdera hauei erantzutea ezinezkoa bada ere, kazetariak kontuan hartu behar du beti oinarrizko arau hau informazioa lantzerakoan.  

Oinarrizko datu horiek azaldu ondoren, gertaeren inguruko gainerako xehetasunak gehituko dira: inplikatutako pertsonen adierazpenak, beste eragile batzuek gerora izandako erreakzioak, irakurlea kokaratzeko testuinguruari buruzko informazioa edota berria ulertzen lagun dezaketen pasadizoak.  

Egitura hau alderantzizko piramidea izenaz ezagutzen da. Albistea inbutua balitz bezala antolatu behar da, garrantzitsuenetik hasi eta garrantzi gutxien duenera jaitsiz.

Osagaiak

Albisteak elementu hauek ditu: 

-Izenburua edo titularra. Gertatutakoa esaldi batean azaldu behar du, normalean 6-10 hitz erabilita. Argia, zehatza eta informatiboa izan behar du. Subjektua, aditza eta predikatua dituen perpausa izan behar du.

-Azpititulua. Izenburuan emandako informazioa errepikatu gabe, xehetasun berriak gaineratu behar ditu, titularrean esandakoaren osagarri. 

-Sarrera edo leadAlbistearen lehen paragrafoa da. Hemen oinarrizko informaziorik garrantzitsuena sartu behar da beti, 6Wak alegia, irakurleari aurrera egiten jarraitzeko jakin-mina eragitearren. -Gorputza edo garapena. Hemen gainerako xehetasunak sartu behar dira garrantziaren arabera, garrantzitsuenetik hasi eta garrantzi gutxien duenera jaitsiz. Kasu honetan, kazetariaren lana informazio guztia bildu eta sailkatzea da, irakurleak behar duen ordenan jaso dezan.

Estiloa 

Garrantzitsua da informazioa egiazko datu eta gertaeretan oinarritzea, ahalik eta modurik objektiboenean. Albistean ez da inoiz sartu behar idatzi duen kazetariaren interpretazioa edo iritzia.

Objektibotasun horren mesedetan, albistean hizkuntza argi eta zehatza erabiliko da. Esaldi labur eta errazak erabili behar dira, subjektu+predikatua+aditza egiturakoak, baloraziorik gabeko hizkuntzan idatzita.

Era berean, irakurketa zaildu edo motel dezaketen adjektibo kalifikatzaileen erabilera murriztu behar da. Gerundioa ere ez da gehiegi erabili behar, aditz-formarik konplexuenetakoa baita, ezta premiazkoak ez diren aditzondoak ere. Adibidez, ‘munduan aski ezaguna da pintorearen trebetasun aparta’ esaldiaren ordez, beste hau erabil daiteke: ‘pintorearen trebetasuna ezaguna da mundu osoan’.

Helburua gertaerak ekintzen bidez deskribatzea da (aditz zehatzak eta askotarikoak erabiliz), errealitatea inolaz ere baloratu edo interpretatu gabe. Erabilitako lexikoak, esamoldeek eta egiturak ez dute irakurlea baldintzatu behar.

Últimas noticias

- Contenido patrocinado -spot_img
This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.